Telebistatik, aldizkarietatik eta beste iturri
batzuetatik jasotzen dugun informazioari esker animalia asko nolakoak diren,
zer jaten duten, nola bizi diren, etab. ezagutzen dugu. Ezagutza horrek
aberastu egiten gaitu; baina, tamalez, sarritan hobeto ezagutzen ditugu
Afrikako lehoiaren ezaugarriak gure mendietako basakatuarenak baino. Zerbait
baloratzeko eta hari trataera egokia eman ahal izateko lehenengo baldintza zerbait
hori ondo ezagutzea denez, hona proposatzen dizuegun proiektua:
Gure inguruneko animaliak hobeto ezagutzeko...
- Animaliei buruzko informazioa bildu.
- Haien deskribapen zientifikoak idatzi.
- Jaso dugun ezagutzaren berri besteei eman.
Zuetako bakoitzak animalia bat aukeratu eta hari
buruzko deskribapena ahoz azaltzea proposatzen dizuegu: zer eta nolakoa den,
zein diren bere ezaugarriak, zer ohitura dituen, etab. Proposatutako zeregina burutzeko
iturri askotatik jaso beharko duzue informazioa, horrelako testuetan esaten
denak zuzena eta zehatza behar baitu izan; hortaz, ezin da asmatu. Horregatik
deitzen diogu deskribapen zientifikoa sortu behar duzuen testuari.